Gizarte Ekintzako foru diputatua den Isabel Sánchez Roblesek bere Sailak heldu den 2017ko ekitaldian izango dituen aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sánchez Roblesek Bizkaiko Foru Aldundiak duen konpromisoa azpimarratu du, hau da, Bizkaian ahulezia-egoeran diren pertsona guztien bizi-proiektuak garatzen laguntzeko hartu duen konpromisoa; honako hauek dira ahulezia-egoeran diren pertsonak: babesgabezia jasaten duten adingabeak, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta mendekotasun-egoeran bizi diren adinekoak, eta bai horien guztien familiak ere. Horren guztiaren xedea inor ere babes barik ez uztea da, aukeren berdintasuna jadesteko baldintzak eskainiz, pertsona horiek beren arazoak gainditu ditzaten eta bizitza duin eta betea iritsi ahal izan dezaten. «Proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiak esfortzu ekonomiko handia egitea dakar gizarte arloko programetan eta, are, aurrekontu-testuinguru zailetan murrizketa-neurririk ez hartzeko hartu duen konpromisoari aurre egiteko. Eta, gainera, proiektuak gobernu honen uste sendoarekin bat dator, hots, gizarte zerbitzu publiko aurreratuen sarea garatu eta sendotzeko asmo irmoarekin, betiere gure lurralde hau geroz eta eremu integratzaile eta solidarioagoa bilakarazi eta Bizkaian bizi-proiektu guztiek lekua izateko bidea emate aldera», azpimarratu du diputatuak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak 473.245.000 euroko aurrrekontua izango du datorren urtean, hau da, Foru Erakundeak guztira izango duen aurrekontuaren % 40,6. Zenbateko hori igo egin da aurreko ekitaldiko kopuruarekin erkatuta. Aurrekontu honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak bere lehentasunak zeintzuk diren azpimarratzen du berriro: pertsonak.
Pertsona nagusientzat: 172,68 milioi euro
Bizi-itxaropena etengabe hasteak biztanleria osoaren zahartzea eragiten ari da, eta egitate hori nabaria da gaur egun. Legegintzaldiaren amaieran, Bizkaiko biztanleriaren % 23k 65 urte baino gehiago izango ditu. Oraingo ekitaldirako programa honetarako xedaturik dagoen aurrekontua 172.683.000 eurokoa da. Egoitzetarako plazen kontzertaziorako 86.735.000 eurokoa izango da aurrekontua; zenbateko hori aski da egoitzetako plazen kontzertazio berriari, Gizarte Ekintza Sailak iragarri duenari, aurre egiteko.
Ezgaitasunen bat duten pertsonentzat: 64,82 milioi euro
Ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeari dagokion esparruan, proiektuak 64.826.000 euroko aurrekontua dauka aurreikusita, aurreko ekitaldiko zenbatekoari eutsiz, egun diren zerbitzuak mantendu baitira. Urtekotu egin dira aurten abiarazi diren zerbitzuak eta Gizarte Ekintzaren Hirugarren Sektoreko erakundeekiko aliantza estrategikoari eutsi zaio, erakunde hauekin sinatu diren ehundik gorako hitzarmenen bitartez.
Haurrentzat: 6,8 milioi euro
Haurrei laguntzeko programarako aurreikusi den aurrekontua 6.813.000 eurokoa da. Haurrentzako programak Administrazioak babesgabezia-egoeran diren edo egoera horretan erortzeko arriskutan diren adingabe eta nerabeekin abiarazirik dituen babes-ekintza guztiak hartzen ditu, babesgabezia-egoeran diren pertsona adingabeengan zuzeneko eragina duten esku-hartze programen bidez. Partida honi gehitu behar zaio pertsona hauen egoitza-harrerarako xedatzen den 25,47 milioi euroko zenbatekoa, zeinek 3 milioi euroko hazkundea izan duen.
Mendekotasunaren arloko prestazio eta diru-laguntzetarako: 79,9 milioi euro
Programa honen aurrekontua 79.999.000 eurokoa, eta datorren ekitaldian % 2,21 haziko da, hau da, .791.517 euro gehiago izango dira. Kapitulu honetan, 54,3 milioi euro xedatu dira familia-ingurunean zaintzak emateko prestazioetarako. Prestazio honen bidez, osorik eusten dio Mendekotasunari buruzko Legeari dagozkion prestazioak abiarazi eta emateari. Beste alde batetik, datorren ekitaldiko nobedade gisa, programa honetatik atera egin da ‘ordaindutakoaren araberakoak ez diren pentsioak’ izeneko programa berria. Programa berri honen aurrekontua 35.872.000 eurokoa da.
Balorazio eta orientaziorako: 4,2 milioi euro
Balorazio eta Orientaziorako Zerbitzuaren aurrekontu-programak, 4.221.000 euroko zuzkidura duenak, % 32,32ko igoera izango du 2016ko ekitaldikoaren aldean. Hazkunderik handiena (milioi bat euro) 2017ko ekitaldiaren bigarren erdialdean laguntza goiztiarraren kontzertaziorako erabiliko den partidari dagokio. Beste alde batetik, Gizarte Ekintza Sailak balorazioen denborak murrizteko duen erabakiari esker egin du gora zuzkidura horrek.
Administrazio Orokorrerako: 103,35 milioi euro
Programa honetan, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) finantzaketa sartzen da, 97,6 milioi euroko partidarekin, eta bai Bizkaiko Tutoretza Erakundearen (BTE) finantzaketa ere, ia 2,75 milioi euroko partidarekin. Laburbilduz, Bizkaiko Foru Erakundeak aurrera jarraitzen du lehentasun handiko helburua honetan: Lurraldeko pertsona behartsuenentzako gizarte-zerbitzuek eratzen duten babes-sarea sendotzea, horrela guztiona eta guztiontzakoa izango den Bizkaia solidarioagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko, Lurralde honetan bizi-proiektu guztiek beren lekua dutelako. . Horren guztiaren xedea inor ere babes barik ez uztea da, aukeren berdintasuna jadesteko baldintzak eskainiz, pertsona horiek beren arazoak gainditu ditzaten eta bizitza duin eta betea iritsi ahal izan dezaten.